XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ondoko Estatuko prentsak ere izan zuen Gipuzkoako Lurraldean hedapen adierazkorra, Iraultzaren aldeko propagandari mugetako ateak hertsi-hertsirik irauteko agintaritza zibil eta erlijiotsuek eman zituzten prebentzio eta errepresiozko neurri guztiak zorrotzak izan arren.

Baina ez hiri giroan bakarrik; baserri munduan ere zabalduak omen ditugu La Feuille villagéoise edo Assamblé Nationale bezalako egunkariak eta, hauekin batera, makina bat orritxo, aldarrikagiri eta panfleto ere.

Hala ere, Baionako egunkariak dira (hala nola Etats Géneraux, Marchena eta Rubin de Celis-en Gazeta de la Libertad y de la Igualdad eta, geroago, Luis Gutierrez zen esklaustraturiko fraideak idatzi ohi zuen Gazeta de Comercio, Literatura y Política de Bayona de Francia bezala) barra-barra sartzen direnak, bai postaren bidez, bai egunero muga zeharkatzen duten emakumeek edo merkatariek hamaika eratan ezkutatuta.

Donostian egoitza ofiziala duten atzerritarren ugaritasunak kontrabando intelektual plegu hori erraztu egiten du.

Probintziako biztanlegunerik nagusienean kazetaritzaren bilkuntza, genioen legez, askoz ere apalagoa dugu Gipuzkoan alboko lurraldeetan baino.

Beraz, Bizkaia, Araba eta Nafarroan XVIII. mendearen bukaerako eta XIX. mendearen haserako kazetaritzaren hastapenak beti ere hiriburuetan garatzen diren bitartean, Gipuzkoan ez da beste horrenbeste gertatzen: ia beti esperientzia horiek Donostiatik kanpo jasotzen dira gorago aipaturiko seiehundar eta zazpiehundar kazeta horiek izan ezik, jakina, Arrasate, Bergara, Tolosa, Irun, Oiartzun eta honelako herrietan.

Bergarako E. Mintegiko irakasleek hilabetero argitara ematen den eta izaera zientifiko duen egunkaria babesten dute, horren aldeko interesa, besteak beste, Peñaflorida, Samaniego eta Prestamerok azalduz.

Adierazle guztien arabera, halere, gertaera ez omen zen bilakatu proiektu baizik eta Sociedad Vascongadak, Amigos del Paisen iharduera eta ekimenen berri urtero ematen zuten Extracto eta aktak bakarrik eman omen zituen argitara.

Getariko junteroen buruan Romero eta Aldamar-ek ordezkaturiko burgeseriari iraultzazalearen sektore baten baiezpenaz, probintziako zati handi bat frantziar Errepublikako tropek okupatzen dutenean, frantsesen kontrolpean ez zeuden lurraldeetan, Diarios de Mondragón y Villarreal izenekoak argitaratzen dira.

Egunkari hauek, 1795eko udaberri eta udaran, eragiketa militarren berri ematen dute eta Europako prentsan zekartzen albiste batzu ere zabaldu egiten dituzte hemen.

Azkenik, Tomás de Sorregieta kalonjeak, XIX. mendea hastear dagoela, ideologia tradizionalista eta euskaltzale duen paper periodikoa, Gipuzkoako Probintziak finantziatu eta babestua dagoen bere Semana Bascongada izenekoaren lehen alea argitaratzen duenean, Tolosatik kaleratzen du, hain zuzen.

Izan ere, hemeretzigarren honetako lehen urteetan kokatu behar da kronologikoki Gipuzkoan geroago garatu den papergintzaren hastapena, Frantziatik ekarririko teknikaz eta hasera haseratik Oriako ibaiertzean dagoen herriari lotua.

Geroxeago, Espainiar barne merkatuari begira albistezko egunkaria argitara emateko baimena eman dakion proposatzen dio gobernuari jatorri bilbotarreko merkatari aberats batek.

Bere enpresaren arrakasta segurua izan dadin guztia aurrikusita eta prest duen Jose Javier de Barbachanok proposatutako titulua Correo Cantábrico zen; horren bitartez eragileak adierazi nahi du frantses paperetan bezain albiste beroak komunika ditzakeela postagatiko galerarik gabe, mugako herriaren egoera pribilegiatuari esker.

Mala de Francia (Espainia eta Europaren arteko posta biderik nagusiena) izeneko ibilbidean zehar dabiltzan atzerriko kazetak biltzen diren erresumako postaburu.

Baina horien edukina azkartasunez zentsuratzeko zailtasunak eta Gaceta de Madrid berbera bigarren mailara baztertzeko aukerak Estatuko Idazkaria (inprimategien Epailearen aholkularitzapean) proiektuari uko egitera eraman zuten.

Gauzak honela, frantsesen inbasioa burutu arte Donostiak ez du ezagutuko egunkari baten edizioa; oraingoan armada okupatzailearen administraritzaren zerbitzuetakoa.